Luis Luziano Bonaparte Bleschamp[1] —frantsesez: Louis-Lucien Bonaparte— edo Bonaparte printzea (Worcestershire, Ingalaterra, 1813ko urtarrilaren 4a – Fano, Marche, Italia, 1891ko azaroaren 3a) euskal hizkuntzalari frantsesa izan zen. Napoleon Bonaparteren iloba zen.
Luis Luziano Bonaparteren lanek euskalaritzaren historian berebiziko garrantzia dute, euskalkien lehen sailkapen zientifikoa egiten lehena izan baitzen: Carte des sept provinces basques, 1863an. Euskal Herrira bost aldiz etorri zen, 1856tik 1869ra. Euskal herrialde guztietako berriemaileak baliatu zituen. Lan-metodotzat, berriemaile horiei Bibliako pasarte ezagunak toki jakin bateko euskaran jartzeko eskatzen zien, eta barreiatuta zeuden eskuizkribu zaharrak bildu eta aztertu zituen. Bere sailkatze-lanean, hiru multzo handitan zortzi dialekto, hogeita bost azpidialekto eta berrogeita hamar barietate bereizi zituen.
Napoleon I.aren iloba zen, Lucienen semea. Ingalaterran jaio zen, aita han gatibu zegoela, eta Waterlooko guduaren ostean Elizaren Estatuetako herri batera aldatu zen familiarekin (1815). 1833an Florentziako Maria Anna Cecchirekin ezkondu zen. Europan eta Estatu Batuetan izan ondoren, kimika, mineralogia eta, geroago, hizkuntzalaritza ikasketei ekin zien. 1847an hizkuntzalaritzari buruz argitara eman zuen lehen liburuan euskara hartu zuen gai nagusi, eta 1848an politika munduan sartu zen, bere lehengusu Luis Bonaparte Frantziako enperadore zelarik. 1850ean emaztearengandik banandu eta 1852an, senatari zela, lehengusuak printze egin eta urteko 130.000 liberako saria eman zion.
Oxfordeko Unibertsitateko irakasle zela, Anton Abadiarekin harremanetan jarri zen Londresen (1855-1856), eta horren ondorioz hasi ziren Bonaparteren euskarari buruzko lanak. 1856-1869 bitarteko urteetan egin zituen ibilaldien eta bere baitara bildu zituen laguntzaileen lan ugarien emaitza dira euskarari eskaini zizkion lan nagusiok: Langue basque et langue finnoise (1862), Curiosidades eúskaras (1866), Le Verbe Basque en tableaux (1869), Deux Cartes des sept Provinces Basques (1869), Études sur les trois dialectes basques des vallées d’Aezcoa, de Salazar et de Roncal… (1872), Observations sur le basque de Fontarabie, d’Irun… (1877), Observaciones sobre el vascuence de Navarra (1881), eta abar. Bonaparte printzearen lana ezinbestekoa da egun euskal dialektoak ezagutu nahi dituen edonorentzat.
Berak mugatu zituen euskalkiak lehenbizikoz, zortziok bereiziz:
- bizkaiera,
- gipuzkera,
- lapurtera,
- hegoaldeko goi-nafarrera,
- iparraldeko goi-nafarrera,
- ekialdeko behe-nafarrera,
- mendebaleko behe-nafarrera eta
- zuberera,
baita eta haien azpieuskalkiak ere.
Halaber, berak egin zituen euskararen lehen mapak, euskalkiak kontuan hartuz, 1868. urtean euskararen hedapena norainokoa zen erakusgarri. Honela adierazi zuen Luis Villasantek: «Printzearen eskariz egindako lanetako askok helburu zientifiko hutsa zuten, alegia, halako azpieuskalki baten hizkera zehatz-mehatz ikasi ahal izateko elementuak ematekoa. Hau da, zientzi helburu eta irizpideekin egindako lanak ziren, ez literatur helburu eta irizpideekin».[2] Argitara eman zituen kristau ikasbideek, Biblia zatiek eta Biblia osoek (Duvoisinen Bible saindua edo testament zahar eta berria bereziki), dokumentazio gaitza eskaini zuten ordu arte gisa horretako materialik ez zuten euskalarientzat, bertako nahiz kanpokoentzat.
Itzulpen horietatik gehienak, eta bestelako lanen bat, Euskaltzaindiak berrargitaratu zituen haren mendeurrenean (1991). Baliozko pertsonez inguratzen jakin izan zuen, laguntzaile bikainak izan baitzituen: Joan Piarres Duvoisin aduanetako lapurtar kapitaina (lapurtera aztertzeko), Fray Jose Antonio Uriarte (bizkaiera eta gipuzkerarako), Klaudio Otaegi zegamarra (gipuzkera eta goi-nafarrerarako), Mariano Mendigatxa eta Prudentzio Hualde bidankozetarrak (erronkarierarako), Emmanuel Intxauspe zuberotar kalonjea (zubererarako), Salaberri Ibarlakoa (behe-nafarrerarako), B. Etxenike (Baztango euskararako), Pedro Jose Samper apaiza (zaraitzuerarako), aita Ibarnegarai.
Ingalaterran bizi zela, urteko diru saririk gabe geratu zen Frantzian III. Errepublika aldarrikatu zenean. 1881ean alargundu eta Klementzia Richard Grandmontaigne, Klaudio Otaegiren koinata atarraztarrarekin ezkondu zen bigarrengoz. 1883. urtean Gladstoneren gobernuak urteko 250.000 liberako diru saria eskaini zion, ingelesaren dialektoei buruzko bere ikerketak buka zitzan.
Hil ondoren, haren liburutegi osoa Chicagoko Newberry Library erakundeak erosi zuen. Euskal gaiei eta beste hainbat gairi buruzko eskuizkribuak R. M. Azkuek erosi zituen Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Arabako diputazioentzat, eta haietan daude gorderik.
- Canticum trium puerorum in septem praecipuas Vasconiae linguae dialectos versum, 1858.
- Langue basque et langue finnoise, 1862.
- Carte des Sept Provinces Basques, montrant la délimitation actuelle de l´euscara, et ses divisions en dialectes, sous-dialectes et varietés, 1863.
- Curiosidades eúskaras, 1866.
- Deux Cartes des sept Provinces Basques, 1869.
- Le Verbe Basque en tableaux, accompagné de notes grammaticales, selon les huit dialectes de l'euskara,... avec les différences de leurs sous-dialectes et de leurs variétés, 1869.
- Le petit catéchisme espagnol du P. Astete, traduit en trois dialectes basques: I. Aezcoan, par P.J. Minondo. II. Salazarais, par P. J. Samper. III. Roncalais, par P. Hualde. Verifié et modifié sur les lieux mêmes par L.L. Bonaparte, 1869.
- Études sur les trois dialectes basques des vallées d'Aezcoa, de Salazar et de Roncal, 1873.
- Observations sur le basque de Fontarabie, d'Irun, etc., 1877.
- Observaciones sobre el vascuence de Navarra, 1881.