www.fgks.org   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Sionismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Xqbot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 16:52, 25 abendua 2012
Sionismoa judaismotik bereiztea eskatzen duten judu ortodoxoak.

Sionismoa (Sion hitzetik eratorria, Jerusalemen izen biblikoetariko bat) herri juduaren askapen nazionalerako mugimendua da. Mugimendu hau Israelgo estatuaren sorrera ulertzeko ezinbesteko giltzarria da.

Historia

Munduan zehar sakabanatutako juduek beti izan zuten agindutako lurraldera itzultzeko nahia, baina itzultze hori erlijioari eta mesias askatzailearen etorrerari zegokion gehienbat, eta XIX. mendea arte ez zuen eragin politikorik izan, garai hartako mugimendu nazionalistetan inspiratu zenean. 1850etik aurrera, antisemitismoak gora egin zuenean, Moses Hessek, Leo Pinskerek eta Hirsch Kalischerek integrazioari uko egin eta burujabetza Palestinan bakarrik iritsi zitekeela aldarrikatu zuten eta ideia hori zabaldu zuten Europa osoan. Errusian juduek bizi zuten jazarpenari erantzunez erakunde judu batzuk sortu ziren, sionismoaren aitzindaritzat jo daitezkeenak: Hoveve Zion, Hibath Zion, Bilu. Azken erakunde horretako kide batzuek juduen lehenengo koloniak ezarri zituzten Palestinan 1882an. 1895ean Theodor Herzlek Estatu judua saiakeran sionismoaren oinarriak jarri zituen: juduek eta jentilek ezin zuten elkarrekin bizi, estatu judu bat sortu beharra zegoen, arrazaz eta erlijioz hebrearra izango zena. Estatu hau Argentinan edota Ugandan sortzen saiatu ziren baiona antzinako erreinu juduak zeuden Palestinan ezartzea erabaki zuten, garai hartan Otomandar Inperioaren esku.

1897an Lehen kongresu sionista egin zen Basilean, Herzl-en ideiak onartu zituena. Hala ere, sionismoak izan zituen aurkariak juduen artean: rabi ortodoxo batzuek tradizioaren aurkakoa iritzi zioten sionismoari, eta orduan sortutako alderdi sozialista judu batzuek sionismoaren zenbait ideia arbuiatu zituzten. XX. mendearen hasieran sionismoak indar handia hartu zuen; Nazio Banku Judua (1901) eta Nazio Funts Judua (1903) sortu zituen Palestinan lursailak erosteko; 100.000tik gora kide bildu ziren erakundean eta Palestinan finkatutako judu kopuruak gora egin zuen. Agintari turkiarrek erraztasunak jarri zizkieten juduei Palestinan ezartzeko, diru asko mugitzen baitzuten, oso aberatsa ez zen lurralde hartan. Aldi berean sionistak harreman diplomatikoetan zebiltzan estatuburuekin eta finantzari handiekin, eta diaspora juduaren laguntza handia izan zuten.

1917an Britainia Handiko gobernuak Palestinan estatu bat sortzeko eskubidea aitortu zien juduei Balfour-en adierazpenaren bidez. Hala ere, Lehen Mundu Gerra amaitzean, talde erradikal sionistek borroka armatuari ekin zioten britainiarren aurka, hauek oldeka zetozen etorkin judutarren etorrera murriztu nahi baitzuten.

1929an Ajentzia judua sortu zen administrazio judu burujabearen oinarriak antolatzeko: batzorde nazionala, erakunde militarrak, alderdi politikoak, sindikatuak& Sionismoak, ordea, ez zuen aintzat hartzen Palestinako arabiarren burujabetza nahia. Bigarren Mundu Gerran nazismoaren eskutik juduek jasan zuten esetsaldiaren ondorioz, oldeka ihes egin zuten, eta asko eta asko Palestinara abiatu ziren. 1947an NBEk Palestina bi estatutan, bata judua eta bestea palestinarra, zatitzea erabaki zuen. 1948an britainiarrak Palestinatik alde egitekoak zirenean Ben Gurionek Israelgo estatuaren independentzia aldarrikatu zuen eta horrek palestinarren erbesteratzea ekarri zuen. Israelgo alderdi politiko batzuek (Haolam-Hazeh, Rakah, Matzpen) sionismoaren nazionalismoa eta inperialismoa gaitzetsi zituzten, eta arabiarren zapalkuntza salatu zuten. Geroztik, sionismoa Israelgo estatuaren ideologia ofiziala da.

Erreferentziak

Txantiloi:Link FA Txantiloi:NA lotura