8-13 urtekoentzako bertsioa ikusteko, klikatu hemen.

Birus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Birusak
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Virus
Taldeak

I: kbDNA birusak
II: kaDNA birusak
III: kbRNA birusak
IV: (+)kaRNA birusak
V: (-)kaRNA birusak
VI: kaRNA-AT birusak
VII: kbDNA-AT birusak

Birusak (latinezko virus hitzetik eratorria, toxina edo pozoi esan nahi duena) mikrobio mota bat dira. Patogenoak izan daitezke.

Beren egituran proteinazko kapside batek azido nukleikoa biltzen du, zeina DNA edo RNA izan baitaiteke. Egitura hau bere baitan proteina desberdinak izan ditzakeen geruza lipidiko batez inguratuta egon daiteke, birusaren izaeraren arabera.

Birusek ez dute beren kabuz ugaltzeko gaitasunik eta zelula bizidunak inbaditzen dituzte. Zelula horien makinaria metabolikoa erabiltzen dute bere material genetikoa erreplikatu ahal izateko, honela jatorrizko birusaren kopia asko sortuaz. Prozesu honetan datza birusen gaitasun suntsitzaileak, zelula inbadituari suntsitu arte kalte egin baitiezaioke. Birusek, zelula eukarioto nahiz prokariotoak eraso ditzake; azken kasu honetan bakteriofago edo fago izena hartzen dute. Birus batzuek ez ohiko entzimak behar izaten dituzte eta beren baitan eramaten dituzte.

Birusek eragindako gaixotasunen larritasuna asko aldatzen da mikrobioaren arabera: hotzeri arruntetik GIB birusak eragiten duen HIESeraino.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Birusek eztute organulurik eta ezta autonomia metabolikorik ere, beraz, eztira zelulatzat hartzen. Beren bizi zikloak bi fase ditu: Bata extrazelularra (zelulatik kanpokoa) eta metabolikoki inertea, eta bestea intrazelularra, ugalketa ematen denekoa. Birusak definitzen dituzten ezaugarriak hiru dira: beren tamaina, kristalizagarritasuna, eta zelula barneko parasitoak izatea. Hiru ezaugarri hauek birusak bizia eta bizirik ezaren arteko mugan ezartzen ditu.

Tamaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Birusen tamaina 24 nanometrotik hasi (ahoeriaren birusa) eta 300 nanometroetarainokoa izan daiteke (poxbirusena).

Hain izaki txikiak izateagatik, beren aurkikuntza oso berandu gertatu zen. Birusen existentziaz dagoen lehen erreferentzia Dimitri Ivanovski errusiar botanikoak eginikoa da. Ikertzaile hau, tabakoaren mosaiko izeneko gaixotasun eragilearen bila zebilen eta zera ondorioztatu zuen, bakterioak baino toxina edo organismo txikiago bat izango zela eragile hori, bakterioak atxiki zitzaketen iragazkiak iragan baitzitzazkeen. Eragile patogeno hauei, birus iragazkor deitu zien.

1897an Martinus Beijerinck holandar mikrobiologoak Ivanovskik eginiko saiakeren antzekoak egin zituen, eta toxinen ideia alboratu zuen, gaixotasunaren eragileak ugaltzeko ahalmena zuela ikusi baitzuen, landare batetik bestera bere ahalmen infekziosoa mantentzen zuelako, bere ahalmen patogenoa murriztu gabe. Handik gutxira Frederick Loeffer eta Paul Frosch mikrobiologo alemaniarrek, ganaduaren ahoeria birus iragazkor batek sortzen zuela ikusi zuten.

30eko hamarkadan, poro txikiagoko iragazkiak erabiliz, birus kantitate handiak lortzea ahalbideratzen duen in vitro hazkuntza zelular teknikekin, ultrazentrifugazioarekin eta azkenik mikroskopio elektronikoa eta X izpien difrakzioaz, birusak ikustea lortu zen.

Kristalizagarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1935an W. Stanleyk frogatu bezala, birusak kristalizagarriak dira. Partikula birikoek forma geometriko doiak dituzte eta beren artean berdin-berdinak dira, beste organulu, organismo eta zelulak ez bezala. Bolumen eta forma berdinekoak izanik, partikula birikoek pauta tridimentsional erregularretan ordenatzeko joera dute, kristalizatzekoa alegia.

Nahitaezko parasito intrazelularrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelulen derrigorrezko parasitoak dira eta ostalaritik kanpo inerteak. Halere, birusek 40 bat egunetan iraun dezakete ostalariren batean ugaldu gabe. Birus barneko azido nukleikoa erreplikatu eta birus berriak sor daitezen, ezinbestekoa da zelula bizi bat inbaditu (ostalaria), eta bere egitura eta entzimak erabiltzea, horrela, birusak ondorengoak izan ditzan. Ondorioz, birus asko eta asko patogenoak dira, bakterio, landare eta animalietan gaixotasunak eragiten dituztelako.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Birus partikula oso batek, birioi izena hartzen du. Azido nukleiko bat dauka, kapside izeneko proteinazko babes geruza batez inguratuta. Batzuek, lipidoz osatutako bilgarria izan dezakete kapsidearen gainetik, ostalariaren mintz zelularretik eratorritakoa. Kapsidea birusaren genomak kodetutako proteinez egiten da eta bere formak, birusak morfologikoki eta antigenikoki bereizteko balio du. Kapsomero izeneko subunitatez osatuta dago kapsidea. Hauek proteina globularrak izaten dira eta batzuetan zati gluzidiko bat izaten dute lotuta. Kapsomeroak beren artean elkartzen dira, kapsideari forma geometriko bat emanez.

Birus konplexuek proteina berezi batzuek sor ditzakete, kapsidea osatzen lagun dezaketenak.

Orokorrean birusen artean hiru mota morfologiko daude kapsidearen itxuraren arabera:

Birus helikoidalak
Kapside helikoidalaren diagrama
Kapside helikoidala subunitate mota bakar batez osatua dago. Subunitateak ardatz zentral batera lotzen dira barnean hutsunea duen egitura helikoidala osatuaz. Honela, harizpi itxurako birioiak osatzen dira zeinak motz eta zurrun edo luze eta oso malgu izan daitezkeen. Material genetikoa, gehienetan kate bakarreko RNA, baina batzuetan ssDNA, proteinazko helizeari lotuta dago, karga negatibodun azido nukleikoa eta karga positibodun proteinen arteko interakzioen ondorioz. Orohar, kapside helikoidalaren luzera, barnean daraman azido nukleikoaren luzeraren araberakoa da eta diametroa berriz protomeroen tamaina eta antolamenduaren araberakoa. Asko ikertutako tabakoaren mosaikoaren birusa da birus helikoidal baten adibidea.
Birus ikosaedrikoak
Adenobirusen diagrama
Kapside ikosaedrikoek esfera itxura dute behar baino handipen txikiagoaz begiratuz gero, baina berez ikosaedro baten itxura hartzen dute. Mota ezberdinetako kapsomeroek lotura ez kobalente bidez ikosaedro erregular bat osatzen dute, 20 aurpegi triangular eta 12 ertzeko poliedroa alegia. Erdialdean hutsune bat geratzen da non azido nukleikoa kokatzen den, bildu bildu eginda. Batzuek aurpegi gehiagoko poliedroak osatzen dituzte eta batzuek kapsidetik kanpokaldera irteten diren zuntz proteikoak ager ditzakete. Birus ikosaedrikoen adibide moduan ditugu pikornabirusak (hotzeri eta faringitien sortarazleak) eta baita adenobirusak ere .
Birus konplexuak
Bakteriofago baten diagrama
Aldaera txiki batzuek ager ditzakete, baina orokorrean beren egiturak zati hauek agertzen ditu:

Azido nukleikoa daraman buru bat, ikosaedro itxurakoa.

Egitura helikoidala duen isatsa, zilindro huts formakoa.

Kapsomeroz osatutako lepoko bat burua eta isatsaren artean.

Oinaldeko plaka bat isatsaren azken muturrean, birusa ostalariaren mintz zelularrari lotzen laguntzeko ainguratze puntu batzuekin. Plaka honetatik, proteinazko zuntz batzuk ere irteten dira, finkapen hori gauzatzen laguntzen dutenak.

Birus bakteriofago gehienek itxura konplexu hau agertzen dute.

Poxbirusak morfologia ezohikoa duten birus handi eta konplexuak dira. Beren genoma proteinekin elkartuta dago nukleoide izeneko egituraren barnean. Nukleoideak disko itxura du eta mintz batez inguratuta dago, eta alboetan funtzio ezezaguneko bi gorputz ditu. Birusak kanpoaldean proteinazko geruza lodi bat dauka.

Erreplikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Birusek ostalaria infektatu eta gaixotasuna hedatu ahal izateko ugalketa ezinbestekoa dute. Horretarako ostalariaren zelula erabiltzen dute, beren kasa erreplikatzeko gaitasunik ez baitute. Birusen errreplikazio zikloa asko aldatzen da birus mota batetik bestera, baina funtsean sei oinarrizko urratsez osatzen da.

Birusen erreplikazio zikloa.
  • Finkapena. Birusak eta ostalariak "talka" egiten dute eta ezagutza ematen da. Birusaren kapsideko proteina eta ostalariaren zelulako hartzaile espezifikoen arteko lotura itzulezina da.
  • Barneraketa. Birus espeziearen arabera barneraketa desberdina izan daitekeen arren, orokorrean endozitosia edo mintzarekin fusioa erabiltzen dute. Bakteriofagoen kasuan genomaren injekzioa ematen da.
  • Biluztea. Birusaren azido nukleikoa ostalariaren zelulan askatzen den momentua da, horretarako zelularen entzimek kapsidea degradatzen dute.
  • Erreplikazioa. Birus berrien eraketarako beharrezkoak diren osagaien sintesia da, hots, RNAm eta proteinena.
  • Heltzea. Genoma eta kapsidearen artean ensanblaia gertatzen da.
  • Askapena. Birusak zelulatik lisi edo gemazio bidez askatzen dira. Estalkidun birusek gemazioa erabiltzen duten bitartean, estalki gabekoak zelulan pilatzen joaten dira denbora batez eta ondoren, zelula lisiz puskatzen dute.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

RNA ala DNA duten, honela sailkatzen dira birusak:

RNA birusak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

DNA birusak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Birus Aldatu lotura Wikidatan